Petroglifoak Jaizkibelen


Beste egunean, Gaztarrotz inguruan buelta bat emanez, aterpe baten zoruan bi ikur zizelkatu aurkitu genituen. 15-20 cm-ko diametroko bi zirkulu ziren eta barnean gurutze bat zutenak.
Zirkuluak forma obalatu samarra duten eta barruko gurutzeak desbedinak ziren.


Sinbolo horiek kronologia oso zabala eta funtzio oso anitza izan dezakete. Oso zaila da datazioa egitea; izan ere, aire zabalean dagoenez, ezin da lotu haien adina zehaztu dezakeen beste material batekin. Gainera, artzain-jatorria, eremitorioa, hileta-erritua edo beste jatorri ezezagun bat izan dezake, eta horrek gehiago zailtzen du haien balorazioa.
Pia Alkain arkeologoari deitu diogu eta gaur erakustera hurbildu gara. Inguruko orbela pixka bat garbitu dugu eta berehala beste zirkulu bat aurkitu dugu; beraz, baliteke gehiago egotea. Harpean ere aurkitu dugu sutondo bat dirudiena.

Dirudienez, Eusko Jaurlaritzaren Euskal Kultura Ondarearen Zentroan aspalditik zuten haren berri, Luis del Barrioren bitartez.