Saguzarren aterpea Aulestin (Bizkaia)


Lea ibaiaren haranean, Euskadiko Espezie Mehatxatuen Zerrendan aipatzen diren hainbat saguzar espezieren koloniak daude.
Aspaldidanik, UPV/EHUko Zoologia eta Animalien Zelulen Bilogia saila hainbat ikerketa-ildo garatzen ari da haranean saguzarrekin lotuta. Duela pare bat urte, saguzarrek trantsizio garaietan erabiltzen zuten etxola zahar bat aurkitu zuten, hau da, hazkuntzaren, parekatzearen eta hibernazio garaiaren arteko aldietan.


Etxola ganadua gordetzeko erabili zuten, eta sastrakak eraikinaren sarrerako ia zulo guztiak estaltzen zituen. Barruko espazioa bi solairutan banatuta zegoen. Goiko solairuak bi banaketa zituen, eta beheko solairua bi ezberdin espaziotan banatzen zen, sarrera indibidualarekin.

Berregokitzeko asmoz, Inazio Garin UPV/EHUko irakasleak birgaitzea proposatu zigun, kiropteroen erabilerara egokitzeko eta, gainera, erabiliko zuten saguzarren jarraipenerako estazio izateko. Birgaitze hori bi fasetan egin zen: lehena 2023an, garbiketa, iragazgaiztea eta barrualdea egokitzea, eta, bigarrena, etxola pintatzea eta haren balioa nabarmentzea. Lehen faseko lanak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzak diruz lagundu zituen, eta bigarren fasekoak, berriz, Aulestiko Udalak.




Birgaitzea amaitu ondoren, eraikinak sarrera bakarra du, baina barruko espazio guztiak komunikatuta daude, eta hainbat gela daude, tenperatura eta argiztapen desberdinekin. Zoologia saileko kideek tenperatura eta hezetasun sentsore batzuk instalatu dituzte espazio bakoitzeko giroa ezagutzeko.


Azkenik, eraikinaren balioa nabarmendu da. Kasualitatez, metro gutxira, Lea ibaiaren bide berdea igarotzen da, eta kartel bat jarri da ugaztun horien ezaugarri batzuen, saguzarren zaintzaren eta egin den birgaitzearen garrantziaren berri emateko. Gainera, irudi ikusgarri bat emateko, saguzarren siluetak marraztu dira fatxadan, saguzarrak barrura nondik sartzen diren adierazteko.